Bermeo

Bermeo Bizkaiko kostaldeko udalerri bat da,
Busturialdekoa, 1236an hiribildutzat sortua.

Hiribilduak 1476tik 1602ra «Bizkaiko buru» titulua izan zuen, Bizkaiko Jaurerriko hiri nagusia zenez. Hori dela eta, hainbat pribilegio izan zituen eta Bizkaiko Batzar Nagusietan beste hiribilduen aurrean nagusitasuna zuen. Gainera, erregeak Bizkaira joaten ziren bakoitzean, Santa Eufemia elizan zin egiten zuten, Bermeoren nagusitasunaren erakusgarri.

Bermeok arrantza tradizio handia du, eta herriko ekonomia arrantzaren inguruko sektorean oinarritzen da, arrain-kontserbagintzan gehienbat. Horrez gain, turismorako leku erakargarri ugari ditu, besteak beste Gaztelugatxeko Doniene, Ertzila dorretxea (Arrantzaleen museoa), Doniene atea, portua eta Alde Zaharra.